Zure haurtxoaren bigarren gaua
24 ordu dira ama zarela. Baliteke beste seme-alabarik izatea baina, berriro, ama hasiberria zara… eta orain zure haurtxoaren bigarren gaua da.
Bapatean, zure txikia jabetu da dagoeneko ez dagoela azken 9 hilabeteak pasa dituen umetoki bero eta erosoan — eta BELDURTUTA dago hemen kanpoan. Ez du aditzen zure bihotzaren taupada ezagunik, plazentako arterien txisturik, zure biriketako soinu lasaigarririk, zure hesterik borborrean.
Horren ordez, sehaska batean dago, fardela, kamixeta eta txanoa jantzita, manta batekin estalita.
Jende askok hartu du besotan eta oraindik ez dago ohituta soinu, argi eta usain berriekin. Dena den, aurkitu du zerbait, eta hori bere ahotsa da, Eta ikusi duzu, lasai asko lo dagoela bularretik kendu eta sehaskan jartzen duzunean… kexatu eta negar egiten duela!
Izan ere, berriz ere bularrean jartzen duzun bakoitzean, titi pixka bat hartu eta berriro lo hartzen du. Eta beste behin bere sehaskan jartzerakoan, berriro negar egin eta zure bila hasten dela. Hau ordu luzetan zehar gertatzen da. Ama batzuk ziur daude oraindik esnerik ez dutelako dela, eta haurtxoa gose dela. Hala ere, ez da hau arrazoia. Berez, zure haurtxoa ohartu da “etxetik” gertuen duen tokia zure bular ondoan dela.
Egoera hau era nahiko unibertsalean ematen da haurtxoen artean. Edoskitze-aholkulariek, munduko txoko guztietan gertatzen dela ikusi dute.
Zer egin dezakegu orduan?
Hartualdi on baten ondoren haurtxoak lo hartzen duenean, apurtu hurrupatzea eta atera kontuz titiburua bere ahotik. Ez mugitu gehiegi, posizio bertikalean jarri bakarrik, burua alde batera duela. Ez saiatu korrokadarik egin arazten, besarkatu besterik ez, sakon lo hartzen duen arte, mugitzerakoan esnatuko ez den loa. Haurtxoek REM loa izan ohi dute lehenengo, eta gutxi gora behera ordu erdi pasatakoan lo sakona hartzen dute.
Mugitzen hasten bada, agian bularrera bueltatu nahiko du eta hori ondo dago… erlaxatu eta eroso egoteko daukan modua da. Lo sakoean dagoen bitartean, haurtxoaren arnasa oso gozoa eta erregularra da, eta ez dago mugimendurik bere betazalen azpian.
Beste ideia erabilgarri bat: eskuak bere lagunik onenak izan dira umetokian egon den artean; erpurua edo hatzak zurrupatu zitzakeen deseroso aurkitzen zenean. Baina bapatean norbaitek eskularruak jantzi dizkio, eta orain ez ditu. Ez du modurik bere burua lasaitzeko eskularru horiek jantzita. Haurtxoek ikutu beharra dute sentitzeko. Zure bularrean dagoela, ukitzen zaituenean, zure oxitozina maila handitzen du eta hau lagungarri da esnearen eiekziorako. Ken iezazkiozu eskularruak, ez estutu gehiegi manta eskuak atera ahal izan ditzan. Baliteke harramazkaren bat egitea, baina hori azkar sendatuko da. Azken batean, bazituen hatzazalak zure barruan zegoenean ere, eta orduan ez zion inork eskularrurik jantzi.
Gainera, guzti hau gerta daiteke denbora batean etxera iristen zaretenean ere, batez ere errutinak aldatu baldin badira medikuarengana, elizara, merkatura edo aitona-amonen etxera joanaz.
Ez zaitzala honek gainditu. Batzuetan haurtxoek bularrean egoteko denbora gehiago baino ez dute behar, haurtxoentzako bularra “haien etxea” baita.
Jan Barger, RN, MA, IBCLC, FILCA
Traducción: Miren Berasategi. Revisión: Erne Unzurrunzaga
© 2016/Lactation Education Consultants
Puede ser copiado y distribuido de manera gratuita. No se puede vender