Gure hirugarren umearen jaiotza
Hiru haurren ama nauzue. Asmo on ugari eta esperientzia eta ezagutza gutxirekin hasi nuen bidaia hau orain dela 7 urte. Han eta hemen, iturri askotatik edanaz, amatasunaren ideia propio bat garatzen joan naiz eta hala jarraitzen dut oraindik ere, pentsatzen baitut inoiz bukatuko ez den bide bat dela. Amatasunaren Nire Ideian -letra larriz, nire-nirea baita; barru-barrutik datorrena eta ADNarekin gertatzen den bezala beste inon ere errepikatzen ez dena- “saiatu” da aditz nagusia: Haurra bera eta bere izaera errespetatzen saiatzea; saiakera hori egunerokotasunaren erritmoarekin uztartzen saiatzea; horretarako soldata bakarrarekin bizitzen saiatzea; hanka ahal den gutxienetan sartzea; hanka sartzean gertatutakoa ulertu, hortaz hitz egin, barkamena eskatu eta hurrengo baten hobeto moldatzen saiatzea; haurra ahalik eta seguruen sentitu dadin saiatzea; horretarako, ahal bada lehenengo hilabetetan beragandik ez banatzea; gehienetan gainean eramaten saiatzea; berarekin ohean lo egiten saiatzea… eta noski, bularra ematea.
Izan ere, ideia hauen baitira nire lehenengo bi haurrei bi urte t’erdiz bularra ematera bultzatu nautenak. Gozatuz gehienetan, eta sufrituz gutxi batzuetan. Eta bularra ematea, elikatzeko modu ezin hobea izateaz aparte, haurraren garapen eta heziketaren elementu zentrala bilakatu da gurean. Bere pozak, barreak, minak, penak, urduritasunak, atentzio beharrak, gosea, egarria, beldurrak… kudeatzeko modua da guretzat bularra. Eta “ni” esatetik “gu” esatera pasatu naiz konturatu gabe. Haurren aitak ere bat egiten baitu nirekin, ni baino sena hobeaz gainera; nik gauza asko ikasi egin behar izan ditudan bezala, berari berez logikoak iruditu izan baitzaizkio hasieratik. Horrela ba, gurean lehenengo urteetan haurrekin protagonismo ia esklusiboa amak, nik, hartzen dut eta aitaren lekua ama eusten datza. Gero, beranduago, haurrek bizpahiru urte betetzean etorriko da aitaren protagonismoaren garaia.
Sarrera luze samarra irudituko zaizue agian, baina hirugarren haurrarekin gertatutakoa ulertzeko, testuingurua ezagutzea inportantea delakoan idatzi dut.
Tira ba. Gure 3. haurra ederki eta azkar jaio eta gero, plazenta dela eta ez dela ia odolustuta geratu nintzen eta gainera umetokia kendu behar izan zidaten. Lehenengo lauzpabost egunak arriskutsuak izan ziren eta ondorengo 3 asteak luzeak eta gogorrak. Denbora hori behar izan bainuen ospitaletik irteteko. Jaio berria nirekin izan nuen ia egun guztietan, nahiz eta ni neu ez nintzen gauza haurra zaintzeko. Burutazio eta beldur asko izan nituen egun haietan. Asko nire osasunaz ziren, eta beste asko nire haurren egoeraz. Eta batez ere, jaio berria zaintzeko moduan noiz egongo ote nintzen eta bularra eman ahal izango ote nion; horiek ziren nire ardura handienak. Nire senarra eta ama ikusten nituen haurra elikatzen xiringa eta biberoiekin, eta aldiro sastada bat sentitzen nuen. Egun batzuetan bularrean jartzen nuen baina nabaritzen nuen ez neukala esne tantarik. Medikuek, gainera, itxoiteko esaten zidaten, hartzen nituen botika batzuk esnea emateko egokiak ez zirela-eta. Bularra ematearen gaia ez zeukaten ahaztuta, baina beraien arduren zerrendan ez zegoen lehenengo lekuetan. Orain logikoa iruditzen zait; orduan min apur bat ematen zidan.
Azkenean iritsi zen etxera bueltatzeko ordua eta berehala bularretan esnea lortzeko erronka jarri nion nire buruari. Esnearen Ligakoekin kontaktuan jarri, bularrak estimulatzeko makina bat alokatu eta 15 egunez jardun nuen jo eta egurra, egunean 8 edo 9 aldiz makinari hamar minutuz konektatuz. Bitartean haurrari esne artifiziala xiringa baten bitartez ematen jarraitu nuen, inolako tetina edo txupeterik erabili gabe, eta ahal non guztietan bularrean jartzen nuen, goxotasuna jaso zezan, besterik ez bada. Esnearen Ligako kontaktuaren hitzetan gauzak ondo eginez gero egun gutxiren buruan lehengo esne tantak ikusiko nituen. Nik hori entzun eta erraza izango zela pentsatu nuen berehala. “Esne tantak atera eta gero, haurra bularrean etengabe jarri eta segidan eman ahal izango diot bularreko esnea bakarrik” esaten nion nire buruari. Esnearen ligakoek laguntza handia beharko nuela ere esan zidaten eta lasai deitzeko, baina nik ez nion horri garrantzia handirik eman. Erraza izango zela seguru bainengoen. Oker nengoen, noski. Oso egun gogorrak izan ziren. Fisikoki ez nengoen guztiz ondo, eta gainera jaio berriaz aparte beste bi haur neuzkan maitasun eta atentzio eske. Hainbeste ziklo egin beharrak –gauean ere bai- erabat lotzen ninduen. Lehertuta bukatu nuen. Zorionez, makinarekin hasi eta lau egunetara lehenengo esne-tanta ikusi nuen. Hura izan zen momentua, hura! Tanta sendo eta horia atera zen. Ia solidoa. Nire maitasun guztiarekin xiringa batekin jaso eta nire haurrari eman nion. Nire gorputzetik jasotzen zuen lehenengo esne-tanta izan baitzen. Ez dut sekula ahaztuko.
Hurrengo egunetan ere esne-tantak ikusten jarraitu nuen. Kopurua poliki-poliki handitzen joan zen eta tantak argitzen joan ziren. Estimulatzeko makinarekin hasi eta 2 astetara, egunean 20-30 tanta ateratzera iritsi nintzen. Puntu horretan, Esnearen Ligakoen aholkuak entzun eta bi erabaki hartu nituen batera. Alde batetik, estimulatzeko makina utzi eta nire haurra beste modu baten elikatzen hasi nintzen: Nire bularrari zunda bat itsatsi nion, biberoi batetik zetorren esne artifiziala bideratuko zuena. (freskagarriak edateko lastotxoa da sistema honi gehien hurbiltzen zaiona) Haurra elikatzeko ordua iristen zenean bularra eta zunda, biak batera, haurraren ahoan sartuta egiten hasi nintzen. Horrela, haurrak berak bularra estimulatzea lortzen nuen, tarte eta maiztasun naturaletan gainera. Beste alde batetik prolaktina mailak handitzeko botikak hartzen hasi nintzen, nire medikuaren baimenarekin. Aukera ezberdinak daude, baina ni “domperidona” hartzen hasi nintzen. Egunean 3 pilula hartzen nituen, otorduetan, hau da, 30mg/eguneko. Donperidonarekin hasi eta astebetera, tantak izatetik bular bakoitzean hiruzpalau esne-txorrota izatera pasatu nintzen. Tamalez, hori da lortu dudan kopururik handiena, saiatu ahala saiatuta ere. Donperidonarekin hasi eta bi astetara esne kopurua handitzen ez zela ikusita, Esnearen Ligakoek “Sheehan-en sindromea” aipatu zidaten lehenengoz. Badirudi erditzeetan odol galera masiboak ematen direnean hipofisia kaltetzen dela eta ondo funtzionatzeari uzten diola, edo guztiz geratzen dela; ondorioz, gorputza zenbait hormonarik gabe geratzen da, tartean prolaktina. Tira ba; hainbat odol-analisi eta froga egin ondoren ni kasu horretan nagoela ondorioztatu dute medikuek. Ondorioz, bizitzeko ezinbestekoak diren hainbat hormona pilulen bitartez hartu beharko ditut betirako. Tamalez, prolaktina sintetikorik ez dagoenez, amore eman eta borroka bukatu dela erabaki behar izan dut. Ez dut sekula lortuko nire haurra bularreko esnearekin bakarrik elikatzerik.
Gaur egun -haurrak bost hilabete dauzka- zundaren sistemarekin jarraitzen dut. Bularra bakarrik ematea bezala da, ia. Haurrak bularraren goxotasuna eta babesa jasotzen ditu eta bertan daukadan esne apurra ere bai. Esango nuke bere elikaduraren %5a jasotzen duela bularretik eta gainontzeko guztia zundatik. Aurreikuspena da denborarekin prolaktina guztia galduko dudala eta beraz bularrak esne gabe geratuko direla. Ikusiko dugu. Gero, gerokoak. Gehienetan nire burua orekan sentitzen dut gai honekin. Izan ere gogor saiatu naiz bularrarekin eta tamaina baten lortu ere egin dut. Baina egon dira, eta oraindik ere badaude, krisi momentuak. Normalean nire ingurukoen jarrera edo hitzek eramaten naute krisira. Nahi gabe eta asmo txarrik gabe izaten da. Esajeratzen ari naizela eta hiltzear egon naizela gogorarazten didatenean bularraren gaiari garrantzia kendu nahian-edo; ni eta Esnearen ligakoak ama histerikoak garela iradokitzen didatenean; “ni ere esne artifizialarekin hazitakoa naiz eta ederto hazi nintzen ba” esaten didatenean; haurrari biberoia ni ez naizen batek eman nahi izaten dionean; bularrik ematen ez dudanez orain ardoa lasai edan dezakedala esaten didatenean… Horrelakoetan oso bakarrik sentitzen naiz. Ez daukat zertan egin beharrik, badakit, baina nire postura azaltzen saiatzen naiz. Batzuk ulertzera iristen dira, beste batzuk ez. Horrelakoa baita bizitza!
Testua bukatu aurretik, eskerrak ere eman nahi ditut, dena ez baita pena. Izan ere, ezin dut ukatu laguntza asko jaso dudanik. Herriko emagina, nire medikua eta pediatra hor egon dira prozesu osoan laguntzeko prest. Baina, batez ere, Esnearen ligakoak aipatu behar ditut. Haiek gabe ez nukeen lortuko. Hor egon dira behar izan dudan guztietan eta ondo eta azkar egin dute lana. Aholku tekniko egokiaz aparte, jaso dudan laguntza afektiboa da sekula ahaztuko ez dudana. Milesker hor egoteagatik, E.