Aitaren zeregina edoskitzaroan
Giza espeziean amagandiko edoskitzea gerta dadin, lehenik eta behin bi gauza behar dira gutxienez: bere “urre” zuria eskaintzeko prest dagoen ama bat, eta haur bat. Hori ezinbestekoa da, baina baldintza hori beteta ere, baliteke zailtasunak sortzea, bularra ematea eragotzi dezaketenak, edo edoskitzaroa nahi bezain ongi ez joatea eragin dezaketenak.
Amak eta haurrak zailtasun horiek gainditu egin ditzakete gogor saiatuz, informazio egokia eskuratuz eta aurrera egiteko desio irmoa edukiz, baina dena askoz errazagoa izango da eta arrakasta izateko aukera asko handituko da norbaitek “euskarri” izateko zeregina betetzen badu.
Zeregin hori senide batek, lagun batek edo edozein pertsonak bete dezake, edo baliteke inork ez betetzea. Baina zeregin hori benetan modu erabakigarrian bete dezakeen pertsona aita da. Euskarriaren zeregina betetzen duen aita protagonistetako bat da, amarekin eta haurrarekin batera. Aita bat euskarri izan dadin, arlo emozionalean ere parte hartu behar du, eta egoera honek behar duen denbora guztia eskaini behar dio.
Ama bat, haur bat eta aita-euskarri bat baditugu, “edoskitzeko triangelu” deitzen dena izango dugu, eta edoskitzeak aurrera ondo egiteko aukera askoz ere handiagoa izango da. Aita-euskarri izatea eta edoskitzeko triangelu bat osatzea, aitek alde batera utzi behar ez luketen zerbait da, oso esperientzia aberasgarria eta atsegina baita, bai norberarentzat, bai familiako kide guztientzat.
papel del padre